Bihar, martxoak 12, aurkeztuko du Mendaroko udaletxeko Udalbatzen aretoan Goazen txangora! liburua.
• Umetatik izan duzu gustuko irakurtzea eta idaztea, baina zeri buruz idazten zenuen?
Jendea harritu egin da liburu bat idatzi dudala ikusi duenean, baina beti idatzi izan ditut gauzak: haserre nagoenean, pozik nagoenean, metaforaren bat, eguneroko bizitzarekin alderatzeko zerbait bururatu zaidanean... eta dena gordeta daukat. Baita nire bizitzako kontakizunak ere, besteak beste nire gertaerak, adinekoen egoitzetan erizain ibili naizenean ikusitakoak, desgaitasun arloko jendearekin egindako gogoetak...
• Zerk piztu zuen zugan liburua idazteko gogoa?
Lan egiten nuen jende horrekin enpatia izan dut. Ikusi nuen zailtasun asko izan zituztela beren bizitzan eta pena sentitu nuen jendeak beste aldera begiratzen duelako eta pertsona horientzat errazago izango litzatekeelako laguntasuna izango balute momentu horietan. Nik uste dut enpatia falta dagoela gizarte honetan, eta ikasten badugu desgaitasunak dituen pertsona batek gaitasun asko ere badituela eta ideia hori zabaltzen badugu zerbait lortu dezakegula. Bestalde, lanean, konturatu nintzen jendeak ez zituela ondo ulertzen han egindako kartelak, beraz, irakurketa eta idazkera errazari buruzko ikastaro bat egin nuen. Orduan kartelak niri eskatzen hasi ziren eta pentsatu nuen nahaste bat egitea, batetik zailtasunak dauzkatenengana iristea eta bestetik liburuaren barruan desgaitasuna gai modura sartu. Idatziak niretzat gordetzea pentsatu nuen, baina irakurri zituztenhainbat gertukok esan zidaten aurkezteko eta hainbat argitaletxetara bidali ondoren, orain dela hilabete gutxi batzuk Beta argitaletxetik deitu zidaten gustatu zitzaiela eta argitaratzeko prest zeudela esanez eta pentsatu nuen mezua jendeari heltzea posible bazen, zergatik ez kaleratu.
• Ideiatik testura pasatzeko orduan zer behar izan du zure lehen liburuak zuk nahi zenuena izatera iristeko?
Liburua umeentzat izan zitekeela edo irakurtzeko zailtasunak dituztenek askotan umetasun puntua dutela kontuan hartuta aukeratu nituen pertsonaia errazak gurpildun aulkian dagoen Hugo eta itsua den Naiara. Hortik bakarrik etorri zitzaidan idatzia sortzeko mezua bera argi nituen ideia horietan barneratzeko gogoa eta motibazioa. Nire semeari eskatu nion esateko berak nola deskribatuko lituzkeen pertsonaia batzuk eta horiek ere baliatu dut ipuinetarako, beraz, bere partaidetza txiki bat ere egon da.
• Goazen txangora! liburuak bi ipuin jaso ditu bere baitan. Zer kontatzen dute ipuinok?
Ipuin batean Hugo da protagonista, txikitan izandako istripu baten ondorioz gurpildun aulkian dagoena, txangoan joango dena ikaskideekin Elgoibarrera, San Pedrora eta han tximeletarik politenaren argazkia atera beharko dute bikoteka. Beste ipuinean txikitako gaixotasun bat dela-eta itsu dagoen Naiarak Mendaroko Santa Krutz mendira lagunekin egindako irteera kontatu dut eta paisaia deskribatzeko lehiaketa egingo dute bikoteka eta ipuin honetan ere ikusiko da nola bizi duten berak eta inguruak irteera hori. Bukaeran jaso dut jendeari ipuinokin helarazi nahi diedan irakaspena.
• Protagonistak dira desgaitasuna duten umeak. Arlo horretan erizain jarduteak izan du horren arrazoia?
Beti izan dut desgaitasuna duten pertsonekiko zein integrazioa behar dutenekiko sentiberatasun berezia. Nire lan arloan ezagutu ditut horrelakoak eta hori izan da idazteko aitzakietako bat.
• Horrelako ipuin batek irakurleari gai hauetara gerturatzeko balio diezaiokeela uste duzu?
Liburu hau kaleratzeko nire motibazio bakarra da, hain zuzen ere, pertsonengan enpatia esnatzea eta gizartearen bihotzetara iristea. Hau irakurri ondoren gogoeta egitea eta desgaitasunak edo ezintasunak dauzkaten pertsonengandik asko ikas dezakegula konturatzea da helburua eta batez ere ez dugula beste aldera begiratu behar, baizik eta lagundu; eta laguntzarik behar ez badute gutxienez pertsona horiek ulertu.
• Irakurketa erraza jende gehiagorengana iristeko erabili duzu?
Irakurketa errazean sailkatutako liburua da eta hori garrantzitsua da jende guztiak izan behar duelako idazkera ulerterrazerako eskubidea. Hitz oso errazak erabiltzen dira, margen handiagoak, dena ezkerretara justifikatuta, ilustrazio asko, hitz zailxeagoren bat badago laukitxo batean esanahia... Baina ez da irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat bakarrik, izan daiteke helduentzat, euskaraz lehen aldiz irakurtzen duenarentzat, irakurketa barneratuta ez
duten haur eta gazteak irakurtzera bultzatzeko... Hala ere, liburu honen irakurketa errazari desgaitasunaren mezua gaineratu diot eta hori berria da eta badu bere garrantzia.
• Hala ere, desgaitasunaren gaiaren baitan zerbait ekiditen saiatu zara?
Ez, ez dut inolako filtrorik erabili denok baitakigu gurpildun aulkidun batean dagoen edo itsua den pertsona baten atzean arrazoi bat dagoela. Ez ditut ipuinean sakon azaldu pertsonaien istripua edo gaixotasuna, pentsatzen dudalako ez dela beharrezkoa. Baina ez da izan saihesteagatik, nire oinarrizko ideia beste bat izan delako baizik.